Bidaideak Bilbao BSR-k Ohorezko Mailako Lauko Finala jokatuko du asteburuan Iruñean

31 Mayo 2024

Larunbateko finalaurrekoan (UPNAren pabilioia, 19:00), Amiab Albacete izango du aurrez aurre, oraintsu Europako txapeldun izan dena

Beste finalaurrekoa Ilunion eta UCAM Murciaren artekoa izango da, eta finala igandean jokatuko da

Bidaideak Bilbao BSR gurpil aulkiko saskibaloi taldeak asteburu honetan jokatuko du 2023-24 denboraldiko Ohorezko Mailako Final Four edo Lauko Finala, 2021ean irabazitako ligako garaikurra berriro eskuratzeko asmoz. Liga erregularrean lehenengo lau postuetan amaitu duten taldeak lehiatuko dira Iruñeko UPNAren pabilioian: Amiab Albacete, Ilunion, UCAM Murcia eta talde bilbotarra.

Bidaideakek, fase erregularrean laugarren, Albacete izango du aurkari finalaurrekoan, hau da, lehen sailkatua. Egundoko erronka da, Mantxakoak Europako talderik onena baitira gaur egun. Liga erregularrean 22 partidutik bakarra galtzeaz gain, duela hilabete eskas Europako txapeldun izan ziren.

“Jokalari ia guztiak nazioarte mailakoak dira”, azaldu du Bidaideakeko kapitain Asier Garciak Albaceteren inguruan. “Bariazio handiko jokamoldea dute, modu askotan egin diezaiokete min aurkariari: munduko pibot onenak dituzte, Lee Manning eta Alejandro Zarzuela, eta Pratt joko-antolatzailerik onena da beharbada. Filipski poloniarrak kanpoko jaurtiketa asko ematen dizkie. Defentsan, ostera, kantxa osoko presioak min handia eman izan digu Albaceteren kontra jokatu dugunean”. Garciaren arabera, “40 minutu perfektu” jokatu beharko ditu Bidaideakek finalean sartzeko. “Erakutsi dugu aurreko urteetan edozeini irabazteko gai garela”.

Bilbotarrak 15 garaipen eta 7 porroteko marka egin eta gero helduko dira Lauko Finalera. Animoz gainezka daude, Txurdinagan jokatutako azken jardunaldian eroso menperatu baitzuten Amivel Reyes Gutiérrez, 84-68. Gainera, maiatz amaieran, Bidaideakek Eurocup-1eko Zortziko Finalean hartu zuen parte, Europako bigarren txapelketako azken fasean. Final handira heldu zen, baina Fenerbahçeren kontra gutxigatik galdu zuen, 78-75.

Adrián Yáñez entrenatzailearen eskeman pieza garrantzitsua den Manu Lorenzo pixkanaka ari da lehiaketako erritmoa hartzen, hainbat astez kantxetatik kanpo egotera behartu duen eskuko lesioa atzean utzita, baina ez da Iruñera ehuneko ehunean iritsiko. David Mouriz ere ez da bete-betean izango, aste batzuk baitaramatza kili-kolo. “Urritik lehenengo aldiz, jokalari guztiak ditugu jokatzeko prest”, azpimarratu du Garciak.

Amiab Albacete eta Bidaideak Bilbaoren arteko finalaurrekoa larunbatean, ekainak 1, jokatuko da, 19:00etan. Irabazlea igandeko finalean sartuko da (12:00), eta galtzaileak, berriz, hirugarren posturako partida izango du, hori ere igandean (09:30).

Larunbateko beste finalaurrekoan (16:30), Ilunion eta UCAM Murcia izango dira nor baino nor. Madrildarrak liga erregularrean bigarren izan dira, Albaceteren 21-1eko marka berdinduta. Asier Garciaren esanetan, Albacetek baino kanpoko joko ahulxeagoa dute, baina Ilunionena “Europako barruko jokorik indartsuena da”. Jasso, Bill Latham, Ortega eta Amadouri esker, “pinturan oso oldarkorrak dira”.

Murtziarrei, ostera, 16-6ko erregistroak hirugarren izateko balio izan die, Bidaideakek baino garaipen bat gehiagorekin. “Talde gaztea da eta haien entrenatzailea, Franck Belen, oso ausarta da, dinamismoan oinarritzen dute beren jokoa”.

 

Patrocinadores

Bizkaialde Bizkaialde
Bizkaialde
  • 660740877(Asier)
  • 649836448(Ziortza) 
  • Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.
Utilizamos cookies propias y de terceros para analizar nuestros servicios y mostrarte publicidad relacionada con tus preferencias en base a un perfil elaborado a partir de tus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas).